Federación Vizcaína De Ajedrez – Bizkaiko Xake Federakuntza – Biscay Chess Federation

Estatutuak

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Erakunde horrek nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna du, eta kirolariak, teknikariak, epaileak, klubak, kirol-taldeak eta bestelako erakundeak Bizkaiko Lurraldean biltzen ditu, xakea egin, sustatu eta antolatzeko xedearekin.

2. ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioa Euskal Herriko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen bidez arautzen da, bai eta Euskal Herriko Kirol Federazioei buruzko urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren, Legea garatzen duten gainerako xedapenen, estatutu honen nahiz estatutu zehatzen eta organoek hartutako akordio baliozkoen bidez ere.

3. ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioaren egoitza Bilboko (PK 48013, Bizkaia) José María Escuza kalearen 16. zenbakian kokatzen da.

4. ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioak Xakeko jarduera eta txapelketa ofizial guztiak, eta, hala denean, Bizkaiko lurraldean konfiguratu edo definitutako modalitate horren diziplinak bultzatu, kalifikatu, baimendu, ordenatu eta antolatzen ditu, Euskal Xake Federazioaren txapelketei eta Bizkaitik kanpo egiten diren jarduerei kalterik egin gabe.

5. ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioa Euskal Xake Federazioaren barruan kokatzen da.

Bizkaiko Xake Federazioak autonomia-erkidegoko modalitate horren Bizkaiko kirol federatua ordezkatzen du, eta estatu nahiz nazioarteko ordezkaritza Euskal Xake Federazioari dagokio.

6. ARTIKULUA

Helburuak bete ahal izateko, Federazioak hurrengo eginkizunak beteko ditu:

  1. a) Kirol federatuaren jarduera Bizkaiko lurraldean antolatzea.
  2. b) Xakeko txapelketa eta jarduera ofizialak Bizkaian antolatzea.
  3. c) Parte-hartzeari eta txapelketari buruzko arauak ezartzea, hala denean, goi mailako lurralde-eremuko federazioek emandako arauei kalterik egin gabe.
  4. d) Xakea autonomia mailan ordezkatzea, eta eremu horretako nahiz estatu eta nazioarteko txapelketetan estamentu guztien parte-hartzea bultzatzea, betiere bere eskumeneko gaiak diren heinean.
  5. e) Xakeko Federazioaren lizentzien izapidetza egitea, Euskal Xake Federazioak hori luzatu dezan horrek ezarri betekizunen eta prozeduren arabera.
  6. f) Jardueraren garapenean sortzen diren kirol-gatazkak ezagutu eta konpontzea, organo judizial eta arbitraje-organoek duten eskumenari kalterik egin gabe.
  7. g) Arauen betepena zaintzea eta diziplina-ahala egikaritzea horiek kontuan izanda.
  8. h) Euskal Xake Federazioarekin lankidetzan jardutea kirolean debekatutako gai eta multzo farmakologikoak eta arauzkoak ez diren metodoen erabilera prebenitu, kontrolatu eta errepresiopean jartzeko, horretarako zehaztu arauketari helduta.
  9. i) Xakeko teknikarien eta epaileen prestakuntzan lankidetzan jardutea, horretarako zehaztu arauketari helduta.
  10. j) Baliabide ekonomiko propioen helburua eta atxikipena ezartzea, bestelako erakundeen jarduera garatzeko igorritako baliabideak kudeatzea eta baliabide guztien aplikazio egokia kontrolatzea.
  11. k) Federazio horri atxikita dauden klubek nahiz kirol-taldeek jaso ditzaketen diru-laguntzen aplikazioa eman eta kontrolatzea.
  12. l) Euskal Herriko administrazioekin lankidetzan jardutea kirol-sustapenaren helburuak betetzeko, bereziki, 14/1998 Legeak federazioei zuzenean emandako lankidetza- eta aholkularitza-eginkizunei dagokienez.
  13. m) Kirol-estatutuak eta -arautegiak eratzea.
  14. n) Bere lurraldean garatzen den kirol-modalitate horretan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzea, eta, ahal den neurrian, bermatzea.
  15. ñ) Oro har, kirol-modalitate hori sustatu eta hobetzeko komenigarria den guztia xedatzea.

7. ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioak bere eginkizunak Euskal Xake Federazioarekin, eta, hala denean, Euskal Federazioaren barruan dauden bestelako lurralde-federazioekin koordinatuta garatuko ditu.

Bizkaiko Xake Federazioak Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan jardungo du eta horiekin lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango ditu helburuak, kirol-programak, aurrekontuak eta funtzio publikoekin zerikusia duten eskuordetutako gainerako alderdiak zehazteko. Hitzarmen horiek izaera juridiko-administratiboa izango dute.

Gisa berean, Bizkaiko Xake Federazioak Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera kontratu-programak sinatu ahal izango ditu. Halakoetan, gutxienez ere, finantzaketa-aurreikuspenak, helburu zehatzak edo eskuratu beharreko helburu zenbatgarriak jasoko dira, baita aipatu helburuak ebaluatu eta auditatzeko mekanismoak ere.

8. ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioan debekatuta dago arraza, sexu, erlijio, iritzi edo sinismenen edota bestelako inguruabar pertsonalen nahiz gizarte-inguruabarren ondoriozko bazterkeria.

II. TITULUA

FEDERAZIOAREN INTEGRAZIOA. LIZENTZIAK

9.ARTIKULUA

1.- Federazioaren lizentzia titularrari (pertsona fisikoa edo juridikoa) ematen zaion agiri pertsonal eta eskualdaezina da. Agiri horrek Bizkaiko Xake Federazioko kide izatea eta txapelketa ofizialetan parte hartzea ahalbidetzen du, betiere kasuan kasuko arauak kontuan izanda, baita goi mailako lurralde-eremuko txapelketa ofizialetan parte hartzea ere, indarreko arauketan ezarri kasuetan eta baldintzetan.

2.- Federazioaren lizentzia bakarra izango da Euskal Herri osoan eta atxikipen bikoitza dakar, Bizkaiko Xake Federazioari eta Euskal Federazioari egindakoa, hain zuzen.

3.- Bi federazioei egindako atxikipena kasuan kasuko lizentzia eskuratuta egiten da.

4.- Bizkaiko Xake Federazioak, behin Euskal Federazioarekin ados jarrita, aisia-txartela edo zerbitzu-txartela sortu ahal izango du. Txartel horrek ez du izaera ofiziala eta izena borondatez eman ahal izango da, baina ez dakar txapelketa ofizialetan parte hartzeko eskubiderik, ezta Federazio honetan sartzeko eskubiderik ere. Hain zuzen ere, txartel horrekin kirol-jarduera ez-ofizialetan parte hartu edo zerbitzu jakin batzuk eskuratu ahal izango dira.

10.ARTIKULUA

1.- Bizkaiko Xake Federazioa kirol horretako federazioaren lizentzien izapidetza egiteko erakunde eskudun bakarra da, eta lizentzia horiek Euskal Xake Federazioak luzatuko ditu.

2.- Euskal Xake Federazioak lizentzien agiri-, kirol- eta ekonomia-araubidea, horien eskubideak eta betebeharrak, iraupena, indarraldiaren hasiera, kategoriak, kuotak, prozedura, formatua eta gainerako antzeko gaiak arauz ezarriko ditu. Horri kalterik egin gabe, bi federazioek euren eskumenak garatuko dituzte kasuan kasuko arautegien, eta, hala denean, koordinazio-akordio edo -hitzarmenen bidez.

3.- Bizkaiko Xake Federazioak federatuengandik borondatez kuota gehigarria jaso ahal izango dute zerbitzu eta jarduera zehatzak finantzatzeko.

4.- Bizkaiko Xake Federazioak lizentzia bakoitzaren zenbateko garbia likidatu ahal izango du Batzar Orokorrak onetsitako baldintzetan eta urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 24.5 artikuluan ezarritakoari helduta, eta ostean hori Euskal Federazioari emango zaio. Zenbateko garbi hori zenbateko gordinari goi mailako lurralde-eremuko txapelketetan parte hartzeagatik ordaindu beharreko aseguruak eta kuotak nahiz Euskal Federazioaren Batzar Orokorraren ariora Lurralde Federazioak ordaindu beharreko zenbatekoak kendu ostean lortzen da

11. ARTIKULUA

1.- Lizentzien formatua eta edukia Euskal Xake Federazioaren Batzar Orokorrak onetsiko ditu eta lizentzia horietan nahitaez Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dira.

2.- Bizkaiko Xake Federazioak federatu nahi duten interesdunei federazioen lizentzien betekizunei eta ondoreei buruzko informazioa emango die eta federazioan afiliatzeko beharrezkoak diren agiriak eta datuak jasoko ditu.

3.- Lizentziak Euskal Xake Federazioak luzatuko ditu. Hain zuzen ere, lizentziok komunikazioaren teknologiak behar bezala aprobetxatzea ahalbidetzen duten baldintza teknikoak biltzen dituen euskarrian eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako zehaztapen teknikoen arabera luzatuko dira.

4.- Hona hemen lizentziaren agirian jasoko diren kontzeptuak:

  1. Nahitaezko aseguruen kuota.
  2. Euskal Xake Federazioari igorritako kuota
  3. Bizkaiko Xake Federazioari igorritako kuota
  4. Hala denean, goi mailako lurralde-eremuko txapelketa ofizialetan parte hartzeko kuota.

5 .- Lizentziaren agirian urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25.4 artikuluan ezarri edukiak jasoko dira.

12.ARTIKULUA

1.- Lizentzien iraupena urtebetekoa izango da, egutegiko urtea oinarri izanda, salbu eta Euskal Xake Federazioak bestelako xedapena ezarri duenean.

2.- Euskal Xake Federazioak Lizentzien Arautegian pertsona federatu batek izan ditzakeen lizentzien bateragarritasunaren kasuak, baldintzak eta ondoreak zehaztuko ditu.

 

III. TITULUA

GOBERNU-, ADMINISTRAZIO- ETA ORDEZKARITZA-ORGANOAK

12.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioan hurrengo gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organoak egongo dira:

  1. a) Batzar Orokorra bezala izendatutako gobernu-organoa.
  2. b) Kide anitzeko Administrazio-organoa. Horri Zuzendaritza Batzordea deritzo.
  3. c) Ordezkaritza-organoa. Horren titularra Federazioko presidentea izango da.

1.KAPITULUA

BATZAR OROKORRA

14.ARTIKULUA

Batzar Orokorra federazioko gobernu-organorik garrantzitsuena da, eta, gutxienez ere, hurrengo eginkizunak beteko ditu:

  1. a) Presidentea aukeratzea.
  2. b) Federazioko kontuak eta aurrekontuak onestea.
  3. c) Estatutuak eta horien aldaketak onestea.
  4. d) Zentsura-mozioa onestea.
  5. e) Txapelketa ofizialen egutegia onestea.
  6. f) Federazioaren jarduketa-plana onestea.
  7. g) Federazioen arautegiak eta horien aldaketak onestea.
  8. h) Ondasun higiezinak xedatu, besterendu eta zamatzea, maileguak eman eta zorraren edota ondarearen zati alikuotaren tituluak igortzea, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.
  9. i) Federazioaren bereizketa erabakitzea.
  10. j) Batzar Orokorraren onespena behar duten bestelako erabaki garrantzitsuak hartzea.

15.ARTIKULUA

1.- Bizkaiko Xake Federazioaren Batzar Orokorra lau urtetik behin aukeratuko da bozketa librea, zuzenekoa, berdina eta isilpekoa aplikatuta.

2.- Hauteskundeak beti udaleko joko olinpikoen datetan egingo dira.

3.- Salbuespenez, eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurretiaz beren beregi emandako administrazio-baimenarekin, hauteskunde-prozeduraren hasiera atzeratu edo aurreratu ahal izango da hori zehaztu datetan hastea ezinezkoa denean.

 

16.ARTIKULUA

1.- Batzar Orokorra klubetako eta kirol-taldeetako estamentuek, kirolariek, teknikariek eta epaileek osatuko dute, jarraian azaldutako proportzioan:

  1. a) Batzarreko kide guztien %80ko klubetako eta kirol-taldeetako estamentuaren ordezkaritza.
  2. b) Batzarreko kide guztien %10eko kirolarien ordezkaritza.
  3. c) Batzarreko kide guztien %10eko teknikarien eta epaileen ordezkaritza, hauteskundeen deialdian dauden estamentu bakoitzaren lizentzia kopurua oinarri hartuta.

2.- Batzar Orokorreko kideen kopurua Hauteskunde Batzordeak zehaztuko du, hauteskunde-errolda, eta, hala denean, Hauteskunde Arautegian ezarritakoa kontuan hartuta.

3.- Batzarra, gehienez ere, 200 kidek osatuko dute.

17.ARTIKULUA

1.- Klubetako eta kirol-taldeen estamentuaren ordezkariak, hori eskatu eta Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan izena eman eta Bizkaiko Xake Federazioari atxikita izanik, hauteskundeen denboraldian gutxienez 5 lizentziaren izapideak egin eta aurreko denboraldian halakoa izateaz gain, hauteskundeen denboraldian kirol-jarduera egin eta aurreko denboraldian hori izan duten klub eta taldeetako ordezkarien artean aukeratuko dira. Irizpideak arauz ezarriko dira kirol-jarduera garrantzitsuaren kontzeptua ulertzeko.

Edozein kasutan ere, Batzar Orokorrean aurretik aipatu betekizunak betetzen dituen klub edo kirol-talde bakoitzetik gutxienez ordezkari bat egongo da.

2.-Klub edo talde bakoitzak eman beharreko botoa federatutako pertsonen eta/edo taldeen kopurua aintzat hartuta haztatuta egingo da. Klub bakoitzak eman beharreko boto-kopuruaren mailaketa hurrengoa izango da, arauzko garapenari kalterik egin gabe:

  • 5 eta 20 lizentziaren artean, ordezkari bat.
  • 21 eta 40 lizentziaren artean, 2 ordezkari.
  • 40 lizentzia baino gehiago, 3 ordezkari.

18.ARTIKULUA

1.- Kirolarien ordezkariak hemezortzi urtetik gorako kirolarien artean aukeratuko dira, baldin eta horiek hauteskundeen denboraldirako indarreko lizentzia badute eta aurreko denboraldian ere hori indarrean izan badute. Ordezkaritza hori aurretik aipatu baldintzak betetzen dituzten hamasei urtetik gorako kirolariek aukeratuko dute.

2.- Teknikariak eta epaileak hauteskundeen denboraldirako indarreko lizentzia izan eta aurreko denboraldian ere hori indarrean izan dutenen artean aukeratuko dira, lizentziaren kategoria kontuan hartu gabe.

3.- Horiek zein eperako aukeratu eta epealdi horretan Batzar Orokorreko kideen artean plazaren bat hutsik geratu bada, orduan Batzar Orokorreko azken hauteskundeetan estamentu bakoitzeko ordezkoen zerrendaren buruan dagoen pertsonak edo erakundeak beteko du, Hauteskunde Arautegiak horretarako ezarri prozedura aintzat hartuta.

 

19.ARTIKULUA

1.- Batzar Orokorrak ohiko eta aparteko bilerak egingo ditu.

2.- Batzar Orokorraren ohiko bilera urtean behin egingo da, urtearen lehenengo sei hilabeteetan, kontuen eta aurrekontuen egoera onesteko. Egutegi ofiziala denboraldia hasi aurretik onetsi beharko da.

3.- Batzar Orokorraren aparteko bilera hurrengo gaiak eztabaidatzeko egingo da:

  1. a) Hauteskundeak egiteko.
  2. b) Zentsura-mozioa.
  3. c) Estatutuak onetsi edo aldatzeko.
  4. d) Federazioa bereizteko.
  5. e) Arautegiak onetsi edo aldatzeko.

20.ARTIKULUA

1.- Ohiko eta aparteko Batzar Orokorren deialdia Federazioko presidenteak ofizioz egingo du, Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Orokorreko kideen %5ek hala eskatuta. Halakorik egin ezean, edo presidenteak batzarrerako deialdia egiteko betebeharra betetzen ez badu, Zuzendaritza Batzordeak, gehiengo soilaren bidez, edo Batzarreko kideen %5 ordezkatzen duen kolektiboak deialdia egitea eskatu ahal izango du.

2.- Presidenteak Batzarrerako deialdia gehienez ere egutegiko 15 egunetan egingo du, kasuan kasuko eskabidea egiten denetik zenbatuta. Presidenteak deialdia zehaztutako epean egin ez badu, orduan Zuzendaritza Batzordeak, edo, hala denean, batzarkide eskatzaileek horren deialdia egin ahal izango dute.

21ARTIKULUA

Batzar Orokorreko deialdia, dela ohikoa dela apartekoa, eguneko gai-zerrendarekin batera, Batzarreko kideei idatziz komunikatuko zaie, gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin. Idatzizko komunikazioa baliozkoa izango da faxez, postaz, helbide elektronikoaren bidez edo erregistratzea edo gordetzea ahalbidetzen duen beste edozein baliabideren bidez egiten bada.

22.ARTIKULUA

1.- Batzarreko kideek presidenteari eskatu ahal izango die eguneko gai-zerrendan gai interesgarriak jasotzea, baldin eta eskabidea, gutxienez, Batzarreko kideen %5ek egin badu, jaso beharreko gaia Federazioaren interes orokorrekoa denean; edo estamentu bateko kideen %5ek egin badu, jaso beharreko gaia estamentu horrentzat interesgarria denean. Edozein kasutan ere, eskabidea gutxienez Batzarraren deialdia egin aurreko egutegiko bost eguneko aurrerapenarekin egin beharko da.

2.- Eguneko gai-zerrendan jasotzeko proposatu den gaia ukatzen bada, eskatzaileari komunikatu beharko zaio, ukatze hori eragin duten arrazoiak azalduz.

23.ARTIKULUA

1.- Batzar Orokorra lehenengo deialdian baliozkoa izango da kideen erdia gehi bat agertzen denean. Bigarren deialdia eratzeko nahikoa izango da parte-hartzaileen edozein kopuru.

2.- Batzar Orokorreko kide ez diren Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak ahotsarekin baina boto-eskubiderik gabe parte hartu ahal izango dute. Gainera, ez du baliorik izango quoruma zenbatzeko.

24.ARTIKULUA

Debekatuta dago Batzar Orokorrean botoa eskuordetzea.

1.KAPITULUA

ZUZENDARITZA BATZORDEA

25.ARTIKULUA

Zuzendaritza Batzordea Federazioaren administrazio-organoa da eta federazioko gaien administrazio-kudeaketa burutzen du. Halakoak Batzar Orokorraren gida-lerroen arabera garatu behar ditu.

26.ARTIKULUA

1.- Zuzendaritza Batzordea, kideen kopuru bikoitiarekin osatutakoa, honela eratuko da:

  1. Presidentea, aldi berean, Federaziokoa izango dena.
  2. Horrek presidentearen eginkizunak beteko ditu hori aldi baterako ez dagoenean edo kargua utzi duenean.
  3. Gehienez ere, 11 batzarkide.

Zuzendaritza Batzordean, gainera, diruzaina egongo da Federazioko idazkariaren laguntzarekin batera, biak ahotsarekin baina boto-eskubiderik gabe.

2.- Zuzendaritza Batzordeko kargu guztiak ohorezkoak dira, idazkariaren edo diruzainaren kargua izan ezik. Azken horien kasuan, ordainsaria jaso ahal dute.

27.ARTIKULUA

1.- Zuzendaritza Batzordeko kideak presidenteak aukeratuko ditu karguaz jabetu eta hurrengo hogeita hamar egunetan.

2.- Zuzendaritza Batzordeko kideak, presidentearen kargua izan ezik, honi kargu horretarako xedatutakoa baitzaio aplikagarri, berrautatuak izan daitezke, baina gehienez ere hiru agintaldi egongo dira jarraian, Zuzendaritza Batzordean izan dituzten zuzendaritza-kargu guztiak kontatuz, lehendakariarena barne. 

28.ARTIKULUA

1.- Federazioko presidenteari, edo, halakorik izan ezean, presidenteordeari, edo Zuzendaritza Batzordeko kideen %25eri dagokio bileretarako deialdia egitea.

2.- Deialdia jorratu beharreko eguneko gai-zerrendarekin eta agiriekin batera egingo da.

3.- Batzordeko kideei gutxienez bi eguneko aurrerapenarekin jakinarazpena egingo zaie, behar bezala egiaztatutako presako kasuak izan ezik.

4.- Hala ere, deialdirik egin ez bada ere, ulertuko da hori baliozkoa dela kide guztiek parte hartu badute eta aho batez egin bada.

5.- Kideek beren beregi onartzen dutenean, Zuzendaritza Batzorderako deialdia baliozkotzat joko da, baldin eta akordioak helbide elektronikoaren bidez, faxez edo Batzordeko kideen adierazpenak jasotzen dituzten antzeko baliabideen bidez hartu badira, baita akordio horiek hartzeko botoa ere. Kasu horretan, aktarekin batera, parte-hartzeen eta botoen egiaztagiriak gorde beharko dituzte.

29.ARTIKULUA

1.- Zuzendaritza Batzordea lehenengo deialdian eratuta egongo da kideen erdia gehi bat agertzen denean, eta, bigarren deialdian kideen %25 agertzen denean, eta, edozein kasutan ere, Federazioko presidentea edo presidenteordea bertan egon beharko da. Deialdia Batzordeko kideen %25ek eskatu duenean, ulertuko da Batzordea eratuta dagoela kideen erdia gehi bat agertu bada.

2.- Federazioko presidenteak, edo halakorik ez dagoenean, presidenteordeak Zuzendaritza Batzordeko bilerak zuzenduko ditu eta horren jarduketa gidatu eta koordinatuko du. Bata edo bestea ez badago, pertsona zaharrenak zuzenduko du. 

30.ARTIKULUA

1.- Hona hemen Zuzendaritza Batzordeak bere kargua uzteko arrazoiak:

  1. a) Presidenteari, edo, horri nahiz Zuzendaritza Batzordeari osotasunean zuzendutako zentsura-mozioa onesteagatik.
  2. b) Adierazpen administratiboaren edo judizialaren ondoriozko desgaikuntzarengatik.
  3. c) Presidenteak dimititzeagatik.
  4. d) Kideen erdia baino gehiagok dimititzeagatik edo horiek hiltzeagatik, presidenteak dimititu dutenak edo hildakoak ordeztu ez baditu.

2.- Hona hemen Zuzendaritza Batzordeko kideek euren kargua uzteko arrazoiak:

  1. a) Dimisioa.
  2. b) Heriotza.
  3. c) Presidenteak bere kargua uztea.
  4. d) Modu judizialean adierazitako ezgaikuntza.
  5. e) Kirol-denboraldi batean ondoz ondoko edo txandakako hiru batzarretara ez agertzeagatik, salbu eta justifikatutako arrazoia gertatu denean.
  6. f) Presidenteak horien karguak utzi dituenean.

3.- Presidenteak, Zuzendaritza Batzordeko kide batek edo gehiagok bere kargua utzi, borondatez dimititu, hil edo ezgaitu badira, plaza hutsak betetzeko beste pertsona batzuk izendatu ahal izango ditu.

31.ARTIKULUA

1.- Batzar Orokorrak presidentearen eta Zuzendaritza Batzordearen erantzukizuna zentsura-mozio baten bitartez eskatu ahal izango dute. Zentsura-mozio hori ondore horretarako antolatutako Batzar Orokorreko kideen gehiengo absolutuak onetsi beharko du.

2.- Zentsura-mozio horren onespenak Zuzendaritza Batzordeko kide guztien kargua uztea eragingo du, Federazioko presidentearen kargua uztea barne.

32.ARTIKULUA

1.- Zuzendaritza Batzordeko presidentearen kargua hutsik geratzen bada, horrek funtzioko presidentea izaten jarraituko du eta Hauteskunde Batzorderako deialdia egingo du, gehienez ere, hilabeteko epean, hauteskunde-prozesua hasi eta Zuzendaritza Batzordeak izendatuko duen presidentea aukeratzeko xedearekin.

2.- Hori egitea ezinezkoa bada, gutxienez Batzar Orokorreko kide guztien %5 ordezkatzen duen edozein kolektibok Hauteskunde Batzorderako deialdia egin ahal izango du.

33.ARTIKULUA

Federazioko idazkariak, gutxienez ere, hurrengo eginkizunak bete beharko ditu:

  1. a) Batzar Orokorreko eta Zuzendaritza Batzordeko bileren aktak egitea.
  2. b) Federazioaren liburuak eta gainerako agiriak zaintzea, kontabilitatekoak izan ezik.
  3. c) Aipatu liburuen edukiari buruz bidezkoak diren ziurtagiriak luzatzea.

34.ARTIKULUA

Federazioko diruzainak, gutxienez, hurrengo eginkizunak bete beharko ditu:

  1. a) Federazioaren ordena ekonomikoaren kontuak eta eragiketak zuzentzea.
  2. b) Federazioaren kontabilitate-liburuak zaindu eta horiek eramatea.
  3. c) Beharrezkoak diren kontabilitate-agiri guztiak prestatzea, bereziki, urteko aurrekontuaren zirriborroa eta ekitaldi bakoitzaren kontuak, Batzar Orokorrak horiek ostean aztertu eta onets ditzan.

III. KAPITULUA

PRESIDENTEA

35.ARTIKULUA

Federazioko presidenteak lege-ordezkaritza bere gain hartu du, Batzar Orokorrak eta Zuzendaritza Batzordeak hartutako akordioak betearazten ditu eta horrek egiten dituen bilerak gidatzen ditu.

36.ARTIKULUA

1.- Federazioko presidentea Batzar Orokorrak aukeratutako pertsona izango da.

2.- Presidenteak bere kargua arrazoi hauen ondorioz utziko du:

  1. a) Dimisioa.
  2. b) Zentsura-mozioaren onespena.
  3. c) Bide administratiboaren edo judizialaren bidez adierazitako desgaikuntza edo ezgaikuntza.
  4. d) Heriotza.

3.- Presidenteak bere kargua uzten badu, hautaketa berria egin beharko da. Hori gertatzen bada, funtzioko Zuzendaritza Batzordea izaten jarraituko du eta Hauteskunde Batzordea gehienez hilabeteko epean deituko du. Epe hori igaro ondoren deialdirik egin ez bada, gutxienez Batzar Orokorreko kide guztien %5 ordezkatzen duen edozein kolektibok Hauteskunde Batzorderako deialdia egin ahal izango du.

37.ARTIKULUA

Presidentea berriro aukeratu ahal izango da, baina agintaldiek epe-muga dute, ondoz ondoko hiru agintaldi, hain zuzen. Ondoz ondoko hiru agintaldiak iragan ondoren, ezin izango da berriro presidente kargurako hautatua izan gutxienez lau urteko epea igaro arte.

1.KAPITULUA

XEDAPEN ERKIDEA

38.ARTIKULUA

Estatutu hauen 13. artikuluan ezarri organoko kideek eginkizunak beteko dituzte euren ondorengoek karguaz jabetu arte.

39.ARTIKULUA

1.- Bizkaiko Xake Federazioaren kide anitzeko organoen akordioak bertaratutako kideen gehiengo soilaren bidez hartuko dira, salbu eta lege- edo estatutu-xedapenetan gehiengo kualifikatuak ezartzen direnean.

2.- Kide guztiek beren beregi onartzen dutenean, Bizkaiko Xake Federazioaren kide anitzeko organoek euren akordioak helbide elektronikoaren bidez, faxez, bideokonferentziaren edo antzeko baliabide teknikoen bidez hartu ahal izango dituzte. Kasu horietan, kasuan kasuko akta fax, helbide elektroniko eta euskarri egokien egiaztagiriekin batera idatziko da.

40.ARTIKULUA

Hona hemen Bizkaiko Xake Federazioaren Batzar Orokorreko edo Zuzendaritza Batzordeko betekizunak:

a) Adin-nagusitasuna eskuratzea.

b) Administrazio-egoitza izatea Federazioaren eremuan. Salbuespeneko inguruabarretan, Batzar Orokorrak betekizun hori bete gabe utz dezake.

c) Karguak edo eginkizunak betetzeko desgaikuntza dakarren diziplina-zehapen irmorik ez izatea.

d) Kargu publikoa betetzeko desgaikuntza dakarren epai judizial irmoaren bidez kondenatua ez izatea.

e) Erabaki judizial irmoaren bidez ezgai ez adieraztea.

41.ARTIKULUA

1.- Federazioko organoek hartutako akordioei dagokienez idazkariak akta egingo du eta gutxienez puntu hauek jasoko dira: parte hartu duen pertsonen izena, bileraren tokia eta epea, eztabaidaren puntu nagusiak, bozketaren forma eta emaitza eta akordioen edukia.

2.- Hartutako akordioen aurkako botoak, baldin eta hori ziodunak badira, kide anitzeko organoen erabakien ondorioz sor daitekeen erantzukizunetik salbuetsiko dute. 

42.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioko Zuzendaritza Batzordeak egokitzat jotako batzordeak eta gainerako antzeko organoak eratu ahal izango ditu, bai Federazioko kirol-jardueraren sektore bat garatzeko beharrezkoak direnak bai Federazioa osatzen duten kolektiboen edo estamentuen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.

43.ARTIKULUA

1.- Bizkaiko Xake Federazioan dopajeari begira aplikatu beharreko arauketa ezartzen duten organoak egon beharko dira.

2.- Bizkaiko Xake Federazioan batzorde teknikoa egon beharko da. Batzorde horrek Federazioko zuzendaritza teknikoa eta kirol-zuzendaritza bere gain hartzen ditu.

44.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioko zuzendariek hurrengo eskubideak dituzte:a) Eusko Jaurlaritzarengandik eta Bizkaiko Foru Aldundiarengandik federazioetako Zuzendaritza-arloko langileen prestakuntza iraunkorra eta eginkizunak behar bezala betetzeko doako aholkularitza teknikoa jasotzea.b) Jarduerak egin ondoren sortutako gastuen ordainketa jasotzea, Federazioak aurretiaz ezarri mugen barruan.

c) Federazioaren bidez aseguru bat izatea, borondatezko jardueraren ondorioz zuzenean sortutako istripu-arriskuei eta erantzukizun zibilari aurre egiteko.

d) Jarduera duintasun-, segurtasun- eta higiene-baldintza egokietan egitea, eginkizunen izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta.

e) Zuzendari-izaeraren egiaztapena izatea.

f) Kirol-arloan izandako gizarte-kontribuzioaren ondoriozko aintzatespena lortzea.

g) Federazioko Zuzendaritza-organoetan parte hartzeko beharrezkoa den informazioa eta agiriak izatea.

h) Atxikitako eginkizunak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren baliabide materialak modu iraunkorrean jasotzea.

i) Federazioaren arauetan ezarritako bestelakoak. 

45. ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioko zuzendariek puntu hauek bete beharko dituzte:

  1. a) Bidezkoa denean, eginkizunak betetzean jasotako informazio ezagunaren isil-gordeari eustea. Isil-gordearen betebeharrak kargua utzi ondoren ere iraun egingo du.
  2. b) Eginkizunak arreta egokiarekin betetzea, une oro Federazioaren estatutuen helburuari helduta.
  3. c) Kasuan kasuko kirol-federazioek eskainitako baliabide materialak errespetatu eta zaintzea
  4. d) Federazioekin batera hartutako konpromisoak betetzea.
  5. e) Eginkizunak arreta egokiarekin betetzeko antolatzen diren prestakuntza-jardueretan parte hartzea.
  6. f) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan debekatutako edozein motatako kontraprestazio ekonomikoa ezeztatzea.
  7. g) Eginkizunak betetzen jarraitzea euren ondorengoak karguaz jabetu arte, ezinbesteko kasua izan ezik.
  8. h) Organo eskudunek hartutako akordioak eta ebazpenak betetzea.
  9. i) Irtengo duten zuzendarien ordezko zuzendari berriei beharrezkoak diren agiri eta informazio guztiak ematea.
  10. j) Interes pertsonala duten gaien eztabaidetara ez agertzea edo bertan ez esku hartzea. Ulertuko da interes pertsonala dagoela gaiak zuzendariaren ezkontidearengan edo antzeko afektibotasun-harremanak dituztenengan edo ondorengo nahiz aurrekoengan edo zuzendaritza-kargua bete edota parte-hartze garrantzitsua duen sozietatearen gain eragina duenean.
  11. k) Zein organoko kide izan eta organo horren bileretara agertzea eta eztabaidetan forma aktiboan parte hartzea, bere irizpidea erabaki egokiak hartzeko baliagarria izan dadin.
  12. l) Emandako akreditazioa behar bezala erabiltzea.
  13. m) Federazioak, hala denean, onetsitako Kode Etikoa betetzea.
  14. n) Federazioko estatutuetan edo arauetan aurreikusitako beste edozein puntu.

46.ARTIKULUA

1.- Kirol-federazioko presidentearen kargua ez da bateragarria beste kirol-federazioko presidentearen karguarekin, kirol-modalitate ezberdina izan arren.

2.- Kirol-federazioko presidentearen kargua ez da bateragarria klub, kirol-talde edo bertan dagoen beste erakunde-mota bateko presidente edo ordezkariaren karguekin. Federazioko presidenteak Batzarrera klub, kirol-talde edo beste mota bateko erakundeko presidente gisa agertu denean, edo presidentearen kargurik izan gabe ordezkari gisa jardun duenean, klub, kirol-talde edo erakundeko presidente edo ordezkari izatea dimititu beharko du.

3.- Federazioko presidentearen kargua ez da bateragarria Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Foru Administrazio eta Administrazio Nagusiaren federazio-eremuarekin zuzenean lotutako kargu edo enplegu publikoekin.

4.- Federazioko zuzendaritza-kargua ez da bateragarria gomendio eta aholkularitza profesionalaren eginkizunekin. Era berean, kirol-federazioko zuzendaritza-kargua ez da bateragarria lan-, zibil- edo merkataritza-kontratuaren bidezko zerbitzuak emateko jarduerekin.

47.ARTIKULUA

Hona hemen Bizkaiko Xake Federazioko Zuzendaritza-arloko langileen debekuak:

  1. a) Kalte-ordainak jasotzea kargua laga edo dimititu ostean.
  2. b) Hirugarren pertsonengandik edo erakundeengandik komisioak edo antzeko mozkinak jasotzea, kirol-erakundeak kontratatutako ondasun eta zerbitzuen ondorioz.
  3. c) Pizgarriak jasotzea, kirol- eta ekonomia-arloko helburuak eskuratzearen ondorioz.
  4. d) Enpresen bidez edo hirugarren pertsonen edo erakundeen izenean kirol-federazioarekin kontratatzea. Autokontratazio horren barruan ezkontideen enpresak, antzeko afektibotasun-harremanak dituzten pertsonak eta ondorengoak nahiz aurrekoak sartzen dira.
  5. e) Kirol-federazioaren ondarea erabiltzea edo lanpostuaz baliatzea ondare-abantaila eskuratzeko.

1.TITULUA

FEDERAZIOKO ESTAMENTUAK 

48.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioko estamentuetako kideek, gutxienez, eskubide hauek izango dituzte:

  1. Federazioko organoak ordezkatu eta horietan parte hartzea, estatutu hauek eta aplikatu beharreko arauketan ezarri moduan eta proportzioan.
  2. Federazioak antolatutako jardueretan parte hartzea, horri buruz emandako erregelen arabera.
  3. Eskatutako informazioa jasotzea eta Federazioarekin zerikusia duten gaietan irizpideak eta iritziak askatasunez ematea, kirol hori behar bezala garatu dadin.
  4. Federazioko organo eskudunengana jotzea Federazioko arauak bete ahal izateko.
  5. Federazioko arauen arabera egokitzat jotako kontsultak eta erreklamazioak helaraztea.
  6. Lizentzia egiaztatzen duen agiria izatea.

49.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioko estamentuetako kideen hurrengo betebeharrak bete beharko ditu:

  1. a) Ezarritako kuotak ordaintzea.
  2. b) Federazioko organoak hartutako baliozko akordioak betetzea, baldin eta organo eskudunak horiek deuseztatu edo eteten ez baditu.
  3. c) Federazioaren helburuak lortzeko, modu aktiboan lankidetzan jardutea.
  4. d) Betetzen dituzten karguei datxezkien betebeharrak leial betetzea.
  5. e) Bizkaiko selekzioen deialdietara agertzea, kirol-txapelketan parte hartzeko edo horiek prestatzeko.

50.ARTIKULUA

Estatutu hauen ondoreetarako, kirol-klubak edo taldeak Euskal Herriko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen III. tituluan ezarritakoaren arabera eratuko dira.

51.ARTIKULUA

Klubek eta taldeek, Bizkaiko Xake Federazioak antolatu eta baimendutako txapelketa ofizialetan parte hartu ahal izateko, kasuan kasuko lizentzia izan beharko dute.

52.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioko kirolariak kirolarien estamentuari dagokion federazioaren lizentzia egokia duten pertsona fisikoak izango dira.

53.ARTIKULUA

1.- Bizkaiko Xake Federazioko teknikariak Federazioak edo indarreko legeriak eskatutako titulua eta estamentu horretako federazioaren lizentzia egokia duten pertsonak izango dira.

2.- Teknikariak, hala denean, Federazioko teknikarien elkargoan bilduko dira.

54.ARTIKULUA

1.- Bizkaiko Xake Federazioko epaileak erakunde eskudunak igorritako beharrezko titulua eta federazioaren lizentzia egokia duten pertsona fisikoak izango dira.

2.- Epaileak, hala denean, Federazioko epaileen elkargoan bilduko dira.

1.TITULUA

DIZIPLINA-ARAUBIDEA

55.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioko diziplina-araubideari dagokionez, urtarrilaren 10eko 7/1989 Dekretuaren ondoriozko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen X. tituluan ezarritakoa edo hori ordezten duen xedapenean, estatutu hauetan eta Federazioaren Kirol Diziplinaren Arautegian ezarritakoa aplikatuko da.

56.ARTIKULUA

1.- Bizkaiko Xake Federazioak diziplina-ahala egitura organikoaren zati diren pertsonen gain eta horretan afiliatutako pertsona fisiko edo juridiko guztien gain soilik egikarituko du.

2.- Federazioak ezin izango du egikaritu diziplina-ahala beste lurralde-eremu eta kirol-jarduera bereko federazioko kideen gain, kirol-jarduera Bizkaiko Lurralde Historikoan garatu arren.

57.ARTIKULUA

Diziplina Batzordea Bizkaiko Xake Federazioko organoa da eta horrek kirol-arloko diziplina-ahala egikaritzen du federazioko gainerako organoak kontuan hartu gabe.

58.ARTIKULUA

1.- Diziplina Batzordea Zuzendaritza Batzordeak izendatutako pertsona bakarrak osatuko du eta Diziplina Epaile izendatuko da.

2.- Diziplina Epailea presidentearen agintaldiaren hasieran izendatuko da lau urteko agintaldia betetzeko. Epaileak eginkizun hori betetzeko beharrezkoak diren ezagutza zehatzak izan beharko ditu.

3.- Diziplina Epailearen eginkizunak ezin izango dituzte bete Zuzendaritza Batzordeko kideek.

59.ARTIKULUA 

Diziplina Epaileak hartutako erabakiak zuzenean Euskal Xake Federazioaren Diziplina Batzordean aurkaratu ahal izango dira.

1.TITULUA

60.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioko hauteskunde-araubideari dagokionez, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren VII. tituluan, hori garatzen duten xedapenetan, estatutu hauetan eta Federazioko Batzar Orokorrak onetsi beharko duen Hauteskunde Arautegian ezarritakoa aplikatuko da.

61.ARTIKULUA

Federazioko Batzar Orokorra aukeratzeko, hauteskunde-kidegoa federazioko estamentu bakoitzaren lizentzien titularrek osatuko dute, kasuan kasuko Hauteskunde Arautegian zehaztutako baldintzetan.

Hautesleen eta hautagarrien izaera Euskal Herriko Kirol Federazioen Dekretuan, estatutu hauetan eta Federazio honetako Hauteskunde Arautegian xedatutakora egokituko da.

62.ARTIKULUA

Federazioan Hauteskunde Batzordea egongo da eta horrek hauteskunde-prozesua bultzatzeaz gain, horren garapen egokia zainduko du. Hauteskunde Batzordea hauek osatuko dute: hiru kidek, batek presidente gisa jardunez eta beste batek idazkari gisa jardunez. Horiek kideen artean izendatuko dira eginkizunok betetzeko, eta, horien artean izendatzen ez badira, presidentea zaharrena izango da eta idazkaria gazteena. 

63.ARTIKULUA

Hauteskunde Batzordearen eginkizunen iraupena lau urtekoa izango da, Batzar Orokorrak hori ordeztu eta epealdia amaitu aurretik beste bat izendatzeari kalterik egin gabe.

64.ARTIKULUA

1.- Hauteskunde Batzordeko kideak eta ordezkoak Batzar Orokorrak izendatuko ditu hauteskunde-prozesua hasi aurreko azken Ohiko Batzarrean edo zozketa bidez, betiere hautagaiak izango ez diren pertsonen artean, inor aurkezten ez bada.

2.- Ezin izango dira Hauteskunde Batzordeko kide izan hautagai gisa aurkezten diren pertsonak; baldintza hori izendatutako Hauteskunde Batzordeko kideetatik edozeinek betetzen badu, orduan kargua utzi eta izendatutako ordezkoa jarri beharko da.

64.ARTIKULUA

1.- Hauteskunde Batzordeak eginkizun hauek beteko ditu:

  1. a) Hautesleen errolda eta hauteskunde-egutegia onestea
  2. b) Aurkeztutako hautagaiak aldarrikatu eta argitaratzea
  3. c) Hauteskunde Mahaia izendatzea
  4. d) Hautatutako hautagaiak aldarrikatzea
  5. e) Aurkeztutako erreklamazioak eta eskabideak aurkaratzea eta Hauteskunde Mahaiak hartutako erabakien aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.
  6. f) Hauteskundeen eta emaitzen gain zuzeneko eragina duen beste edozein gai ebaztea.

2.- Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiak Kirol Justiziaren Euskal Batzordean aurkaratu ahal izango dira

66.ARTIKULUA

Hauteskunde Batzordeak, hautagaiak izango ez diren hautesleen artean zozketa egin aurretik, hiru kiderekin eta kopuru bereko ordezkoekin osatutako Hauteskunde Mahaia izendatuko du. Presidentea eta idazkaria horien artean eginkizun horiek betetzeko aukeratuko dira, eta, horien artean izendatzen ez badira, orduan presidentea zaharrena izango da eta idazkaria gazteena.

67.ARTIKULUA

1.- Hauteskunde Mahaiak eginkizun hauek beteko ditu:

  1. a) Bozketen garapen egokia zaintzea
  2. b) Boto-emaile eta horien hautesle-izaera egiaztatzea
  3. c) Igorritako botoen baliozkotasunari buruzko ebazpena ematea
  4. d) Botoak berriro zenbatzea, behin horien igorpena amaituta
  5. e) Bozketarekin zerikusia duen beste edozein gai ebaztea 

2.- Hauteskunde Mahaiak hartutako erabakiak Hauteskunde Batzordean aurkaratu ahal izango dira.

VII. TITULUA

EKONOMIA- ETA ONDARE-ARAUBIDEA

68.ARTIKULUA

1.- Bizkaiko Xake Federazioa aurrekontu-araubide eta ondare propioaren mende dago.

2.- Federazioaren ondarea bere titulartasunpeko ondasunekin eratzen da.

3.- Hona hemen federazioko baliabideak:

  1. a) Federatuen kuotak.
  2. b) Erakunde publikoek eman ditzaketen diru-laguntzak.
  3. c) Dohaintzak, jarauntsiak, legatuak eta sariak.
  4. d) Antolatutako kirol-jarduerek eta –txapelketek sortutako mozkinak.
  5. e) Industria-, merkataritza-, lanbide-jardueren eta emandako zerbitzuen ondoriozko mozkinak.
  6. f) Ondarearen fruituak eta besterendu edo zamatutako produktua, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 138. artikuluan ezarritako baldintzetan.
  7. g) Eskuratutako maileguak eta kredituak.
  8. h) Jardueraren garapenean eskuratu daitekeen beste edozer.

69.ARTIKULUA

1.- Federazioaren diru-sarrera guztiak, kirol-adierazpen ezberdinen ondorioz eskuratutako mozkinak eta sariak barne, bai eta Federazioak industria-, merkataritza-, lanbide edo zerbitzu-jardueren ondorioz eskuratu ditzakeenak ere, gizarte-xedearen garapenean oso-osorik aplikatuko dira.

2.- Mozkinak inoiz ez dira banatuko Federazioko kideen artean.

70.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioak ondasun higiezinak zamatu eta besterendu ahal izango ditu, dirua mailegu gisa har ditzake eta zorraren edo ondarearen zati alikuotaren tituluak igorri ahal izango ditu, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 139. artikuluan ezarri baldintzetan.

71.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioak goi-zuzendaritzako lan-kontratuak sinatu ahal izango ditu, baldin eta akordioa eta ordainketaren zenbatekoa eta kontratuaren gainerako baldintzak Batzar Orokorrean dauden kideen gehiengo absolutuak onetsi baditu eta kontratu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren Kirol Zuzendaritzak baimendu badu.

72.ARTIKULUA

1.- Bizkaiko Xake Federazioak urtean-urtean ekitaldi bakoitzaren aurrekontua onetsiko du.

2.- Zuzendaritza Batzordeak aurrekontua egingo du eta Batzar Orokorrak hori onetsiko du.

3.- Aurrekontuan, zenbakiekin, multzoka eta modu sistematikoan Federazioak bere gain har ditzakeen gehieneko betebeharrak eta kasuan kasuko ekitaldian likidatu daitezkeen eskubideak adieraziko dira. Bizkaiko Xake Federazioaren aurrekontuan, era berean, kirol horretako emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren sustapenarekin zerikusia duten betebeharrak islatu beharko dira.

4.- Aurrekontua bakarra izango da eta Federazioko gastu eta diru-sarrera guztiak jasoko dira, organo osagarriek edo erakunde instrumentalek sortutakoak barne. Kudeaketa- edo antolakuntza-beharrizanak hala eskatzen dutenean, Bizkaiko Xake Federazioak sistema zentralean behar bezala integratutako kontabilitateko azpierakundeak sortu ahal izango ditu.

5.- Aurrekontua orekatua izango da eta inoiz ezin izango da onetsi aurrekontu defizitarioa, horretarako aurretiaz kirol-administrazio eskudunaren baimena eskuratu ez bada.

6.- Batzar Orokorraren onespena eskuratu ondoren, aurrekontua eta ekitaldiko kontuak administrazioari helaraziko zaizkio.

7.- Federazioko Zuzendaritza Batzordeak gastuen aurrekontu osoaren %20 gainditzen ez duten aurrekontuen aldaketak egitea erabaki ahal izango du.

8.- Federazioaren aurrekontu osoaren %20 gainditzen duten programen artean kredituak transferitzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena beharko da.

73.ARTIKULUA

1.- Ekitaldia itxi eta hurrengo hiru hilabeteetan, Bizkaiko Xake Federazioko Zuzendaritza Batzordeak urteko kontuak egingo ditu. Horietan balantzea, galera-irabazien kontua eta oroitidazki ekonomikoa jasoko dira. Hurrengo hiru hilabeteetan, horiek Ohiko Batzar Orokorrari helaraziko zaizkio, horrek urteko kontuak aztertu eta onets ditzan.

2.- Zuzendaritza Batzordeak egindako urteko kontuak presidenteak, edo, hala denean, diruzainak sinatuko ditu.

3.- Federazioko urteko kontuak egiturari begira Kirol Federazioei moldatutako Kontabilitatearen Plan Orokorraren egokitzapen-arauetara egokituko dira.

74.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioak auditoretza egingo du Herri Administrazio eskudunak bidezko kasuetan eta ekitaldietan hori egitea eskatzen duenean.

VIII. TITULUA

AGIRIEN ARAUBIDEA

75.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioak nahitaez hurrengo liburuak eramango ditu:

  1. a) Federazioko estamentuen liburua, estamentu bakoitzari dagokion ataletan bereiztuta. Liburu horretan horien zerrenda gaurkotua jasoko da, bai eta sarrera- nahi baja-datak ere.
  2. b) Federazioaren akta-liburua; liburu horretan, Batzar Orokorrak, Zuzendaritza Batzordeak eta Federazioko gainerako organoek hartutako akordioak jasoko dira.
  3. c) Kontabilitate-liburuak.
  4. d) Hala denean, zorraren edo ondarearen zati alikuotaren tituluen Erregistro Liburua.
  5. e) Gatazkak epaiketaz kanpo ebazteko araubidearen mende jartzetik salbuesteko Erregistro Liburua.

Liburu horien izapideak Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan ezarritakoaren arabera egin beharko dira.

1.TITULUA

FEDERAZIOAREN DESEGITEA ETA LIKIDAZIOA

76.ARTIKULUA

1.- Bizkaiko Xake Federazioa hurrengo arrazoien ondorioz desegingo da:

  1. Aparteko Batzar Orokorrera bertaratutako kideen bi herenen gehiengoak hartutako akordioaren ondorioz, artikulu honen bigarren atalean ezarri arrazoietatik edozein eman bada.
  2. Erabaki judizialaren ondorioz.

2.- Bizkaiko Xake Federazioa hurrengo arrazoien ondorioz desegin beharko da:

  1. Federazioaren aintzatespen ofiziala ezeztatzea.
  2. Administrazio-izaerako eginkizun publikoak agerian egikari ezin izateagatik.
  3. Federazioko organoak gerarazteagatik, euren funtzionamendua betetzeko ezintasuna eraginez.
  4. Agindutako eginkizun publikoak egikaritzeko ezintasunagatik.
  5. Beste kirol-federazio batekin bat egiteagatik.
  6. Beste kirol-federazio batean integratzeagatik.
  7. Indarreko legerian ezarri beste edozein arrazoi gertatzeagatik

77.ARTIKULUA

1.- Federazioko presidenteak Batzar Orokorrerako deialdia egin beharko du, horrek desegite-akordio egokia bi hilabeteko epean har dezan, desegite hori zehazten duen arrazoiaren berri duenetik zenbatuta.

2.- Pertsona federatuek eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol-arloko Zuzendaritzak presidenteari Batzar Orokorrerako deialdia egiteko eskatu ahal izango die, baldin eta horren ustez aurreko artikuluan ezarri arrazoietatik edozein gertatu bada.

3.- Batzar Orokorrerako deialdia egin ez bada edo akordiorik hartu ez bada, edo akordio hori desegitearen aurkakoa bada, federatuetatik edozeinek edo Bizkaiko Foru Aldundiak Federazioaren desegite judiziala eskatu ahal izango du.

4.- Federazioko Zuzendaritza Batzordeak desegite judiziala eskatu beharko du federazioaren akordioa desegitearen aurkakoa denean edo hori lortu ezin denean.

78.ARTIKULUA

Federazioa desegin ondoren, likidazio-epealdia irekiko da, salbu eta bat-egite kasuak edo federazioaren aktiboa edo pasiboa osorik lagatzeko beste edozein kasu gertatzen denean.

79.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioak, behin hori deseginda, bere nortasun juridikoari eutsiko dio likidazio-prozesuan murgilduta dagoen bitartean. Fase horretan, bere izendapenari “likidazio-prozesuan” kontzeptua gehitu beharko zaio.

80.ARTIKULUA

Federazioa likidazio-prozesuan dagoela adierazten den unetik Zuzendaritza Batzordeak bere eginkizunak betetzeari utziko dio, eta eginkizunok likidatzaileek beteko dituzte. Hala ere, Zuzendaritza Batzordeko kideek euren konkurtsoa utziko die likidazio-eragiketak modu eragingarrian egin daitezen.

81.ARTIKULUA

1.- Federazioko Batzar Orokorrari dagokio likidatzaileen izendapena eta horien zenbakia beti bakoitia izango da.

2.- Likidatzaileen izendapena eta kargua uztea Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu beharko dira.

82.ARTIKULUA

Hona hemen Federazioko likidatzaileen eginkizunak:

  1. Administrazio-organoa bateratzeko xedearekin, Federazioaren hasierako balantzea bere eginkizunak hastean sinatzea.
  2. Federazioko liburuak eta gutuneria eraman eta zaintzea eta ondarea zaintzea.
  3. Egiteko dauden eragiketak eta Federazioa likidatzeko beharrezkoak diren eragiketa berriak gauzatzea.
  4. Federazioko ondasunak eta eskubideak besterentzea. Ondasun higiezinak enkante publikoan salduko dira. Zuzeneko salmenta Bizkaiko Foru Aldundiak baimendutako kasuetan soilik egingo da.
  5. Transakzioak eta arbitrajeak hitzartzea, Federazioko interesak direla-eta komenigarria denean.
  6. Hartzekodunei ordaintzea.
  7. Federazioko ordezkaritza izatea.

83.ARTIKULUA

Likidazioa amaitu ondoren, likidatzaileek azken balantzea egingo dute eta hori Batzar Orokorrak onetsi beharko du. Horrela, azken balantze horren saldoa positiboa bada, hori Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol-arloko Zuzendaritzari helaraziko zaio. Foru-organo horrek, indarreko legeriaren arabera, Federazioa desegitearen ondoriozko ondarearen destinoari buruzko erabakia hartu beharko du.

84.ARTIKULUA

Likidatzaileen eginkizuna arrazoi hauen ondorioz amaituko da:

  1. Likidazioa egiteagatik.
  2. Batzar Orokorrak egiletsitako ahalmenak ezeztatzeagatik.
  3. Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol-arloko Zuzendaritzak ahalmenak ezeztatzeagatik.
  4. Erabaki judizialaren ondorioz.

84.ARTIKULUA

Federazioa kaudimengabezia-egoeran badago, likidatzaileek berehala kasuan kasuko konkurtso-adierazpena eskatu beharko dute.

85.ARTIKULUA

Federazioaren azkentzea Likidazio Batzordeak Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroari jakinaraziko dio, horrek inskripzioa ezereztu dezan.

1.TITULUA

ESTATUTUAK ETA ARAUTEGIAK

87.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioko estatutuak aldatu ahal izango dira aparteko Batzar Orokorrera bertaratutako kideen bi herenen gehiengoak hartutako akordioaren ondorioz. 

88.ARTIKULUA

Estatutuen proiektua onetsi ondoren, hori Bizkaiko Foru Aldundiaren Kirol-arloko Zuzendaritzari egutegiko 60 eguneko epean bidaliko zaio, Batzar Orokorrak akordioa hartzen duenetik zenbatuta.

89.ARTIKULUA

Estatutu horiek eta Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroak eskatutako euskarri informatikoa Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetan aurkeztu beharko dira. 

90.ARTIKULUA

Federazioko estatutuen indarraldia administrazioaren onespenaren mende geratuko da, eta ostean Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

91.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioak gutxienez hurrengo puntuak arautu beharko ditu:

  1. Txapelketa ofizialen antolakuntza- eta garapen-araubidea.
  2. Diziplina-araubidea.
  3. Hauteskunde-araubidea.
  4. Gatazken epaiketaz kanpoko ebazpena.

92.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioko arautegiak administrazio-onespenerako Bizkaiko Foru Aldundiaren Kirol-arloko Zuzendaritzan egutegiko hirurogei eguneko epean aurkeztuko dira, Batzar Orokorrak hori onesten duenetik zenbatuta.

93.ARTIKULUA

Arautegiak onetsi eta aldatzeko, beharrezkoa izango da ondore horretarako deitutako aparteko Batzar Orokorrera bertaratutako kideen gehiengoaren aldeko botoa.

94.ARTIKULUA

  1. – Federazioko zirkularren bidez estatutu eta arautegien indarraldi, aplikazio edo interpretazioari buruzko jakinarazpena egin eta informazioa emango da, baina ez dute arau-izaerarik.
  1. – Federazioko zirkularrek ez dute behar aurretiazko administrazio-onespenik.

95.ARTIKULUA

  1. – Goi mailako lurralde-eremuko federazioen estatutuak eta arautegiak federazioan eta bertako kideen gain zuzenean aplikatu ahal izango dira, baldin eta Bizkaiko Federazioa federazio horietan integratuta badago eta beti horien eskumeneko gaiei dagokienez. Kasu horretan, Bizkaiko Xake Federazioak arau horiek Federazioko estamentuen artean hedatu beharko ditu horiek behar bezala ezagutu ditzaten. Arau horiek Federazio horretako hizkuntzetatik edozeinetan idatzi beharko dira.
  1. – Goi mailako lurralde-eremuko kirol-federazioen gainerako arauak ezin izango dira zuzenean aplikatu Bizkaiko Xake Federazioan, ezta bertako kideen gain ere. Horiek Federazioko arauketan jasoko dira federazioaren eta administrazioaren onespena ematen denean eta Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen direnean bakarrik.
  1. – Autonomiez gaindiko federazioen arautegiak ez dute ordezko izaerarik Bizkaiko Xake Federazioan aplikatzeko. Zernahi gisaz, arau horiek ordezko moduan aplikatu ahal izango dira baldin eta arautegietan esanbidezko igorpena badago, arau horiek behar beste hedatuta badaude eta Federazio horretako hizkuntzetatik edozeinetan idatzita badaude.

XI. TITULUA

HIZKUNTZAREN NORMALIZAZIOA

96.ARTIKULUA

Euskara eta gaztelania Bizkaiko Xake Federazioko hizkuntza ofizialak dira.

97.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioko organoek Federazioan hizkuntza normalizatzeko mailaz mailako prozesua bermatuko dute, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorrean xedatutako aintzat hartuta.

98.ARTIKULUA

Bizkaiko Xake Federazioaren ziurtagiriak edo Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetan bi hizkuntzetatik edozeinetan igorri ahal izango dira, interesdunak adierazitakoari helduta. 

XII. TITULUA

GATAZKEN EPAIKETAZ KANPOKO EBAZPENA

99.ARTIKULUA

Federazioaren eta federatuen nahiz kideen artean sor daitezkeen auzi-gorabeherak edo -arazoak Zuzenbideko arbitrajearen bidez ebatziko dira, indarreko legerian, estatutu hauetan eta hori garatzen duen arautegian ezarritakoari helduta.

100.ARTIKULUA

Arbitrajearen bidez ebatzi daitezkeen auzi-gorabeherak edo auzi-arazoak, edo, oro har, gatazken epaiketaz kanpoko ebazpenak, Kirol Arbitrajearen Euskal Auzitegiaren mende geratuko dira.

101.ARTIKULUA

Federazioko Administrazioak eskuordetutako eginkizun publikoen egikaritzarekin zerikusia duten arazoak eta legeriaren arabera arbitrajetik beren beregi salbuetsitako lege-gaiak izan ezik, gainerakoak bide horren bitartez ebatziko dira.

102.ARTIKULUA

Federazioko federatuak edo kideak, hilabeteko epean, Estatutu hauek onetsi edo lizentzia eskuratzen denetik zenbatuta, beren beregi ukatzen ez badira, ulertuko da Estatutu hauetan eta hori garatzen duen Arautegian ezarritako arbitraje-sistemaren eta gatazken epaiketaz kanpoko ebazpenaren mende geratuko direla.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25. artikuluan ezarri lizentzien zehaztapen teknikoak onesten ez dituen bitartean, federazioak lizentziak berak egokitzat jotako formatuarekin igorriko ditu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratu dira data arte inskripzioari nahiz argitalpenari begira indarrean egon diren Bizkaiko Xake Federazioko estatutuak.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek indarrean jarriko dira horiek Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunaren biharamunean.

 

Bilbon , 2006ko azaroaren 23an.